martes, 23 de mayo de 2017

TARZANA ipuina

TARZANA



Oihan sakon batean zegoen ur-jauzi batetik gertu, Tarzan eta bere alaba Tarzana bizi ziren. Behin, Tarzanek oihaneko animali guztiak eta tribuetako buruzagi gizon eta emakumeak bildu zituen, gauza oso garrantzitsu bat esan behar zielako…

  • Bada ordua norbaitek ni ordezkatzeko, zahartzen ari naiz eta lianatan irristatu egiten naiz. Gainera ezin dut lehen bezala oihu egin.
  • Zer gertatuko da orain? Nor arduratuko da gu zaintzeaz? Ohitura zaharrak dioenez, zure semeak izan beharko luke zure ordezko, baina zuk alaba bakarra daukazu!
  • Eta zer? Ze arazo dago neska batek nik egiten dudana egiteko? Berak nik bezain ondo ezagutzen du oihana.
  • Baina uler ezazu… neska bat da… eta neskak… zuk ulertzen gaituzu!


Luzaroan eztabaidatu ondoren, Oihaneko Batzordeak lehiaketa bat egitea erabaki zuen. Froga guztiak gainditzen dituena izango zen Tarzan berria eta bere omenez ur-jauziei bere izena jarriko zieten.

  • Tarzanak, noski, parte har dezake, baina ikusiko dugu zuk esaten duzun bezain ona den!


Tarzan etxera iritsi orduko, Tarzanari gertatutakoa kontatu zion, eta hau asko harritu zen.

  • Zer?! Frogak gainditu behar ditudala oihana babesteko? Bizitza guztia daramat oihana babesten eta inork baino hobeto egiten dut. Eta hau dena neska naizelako? Konturatuko dira nor den Tarzana.


Bitartean, batzordeak frogak prestatu zituen, beraien ustez Tarzanak gainditu ez lituzkeenak. Eta lehiaketaren eguna iritsi zen.

Lehenengo froga oihaneko zuhaitz altuenetik fruiturik exotikoena lortzea zen. Tximuen erregeak pentsatzen zuen froga hori Mandrilok, tximurik bizkorenak, bakarrik gaindituko zuela.

Tarzanak jauzi bat eman eta denen harridurarako, Madrilo baino bizkorragoa izan zen. Gainera, oihaneko zuhaitzak inork baino hobeto ezagutzen zituen. Tarzanak lehenengo froga gainditu zuen.

Bigarren frogan, laku bat zeharkatu behar zuten igerian. Krokodiloek, pirañek eta kastorek irabazteko aukera handia zuten. Tarzanak ezin izango zuen froga hura gainditu! Horrela pentsatzen zuten animalia gehienek eta tribuetako buruzagi askok.

Parte hartzen zuten animali guztiak uretan bizi ziren eta igeri egiten ohituta zeuden. Baina Tarzanak oso ondo ezagutzen zituen animalia guztiak eta gainera oso azkarra zen. Zer egin zuen? Oinetan bi hosto handi jarri zituen eta horrela animaliak baino azkarrago egin zuen igeri. Lakua zeharkatzen lehenengoa izan zen.

Hirugarren froga oso gogorra zen. Mendi izoztu batetik izotz pusketa handi bat hartu behar zuten. Animaliek uste zuten froga hura gainditzea ia ezinezkoa zela. Lehiakide guztiek indarra eta bizkortasuna izan behar zuten eta horrelakorik ez zegoen inor.

Baina denak oker zeuden. Tarzana mendira askotan izotz bila igotzen zen. Izotz harekin aitak papaia-izozkia prestatzen zion alabari eta honi izugarri gustatzen zitzaion.

Tarzana mendira igo zen eta handik jaitsi zen inoiz ikusitako izotz pusketa handienarekin. Izotz pusketa harekin oihaneko animalia guztientzako papaia-izozkia prestatu zuen.

Beste froga bat gelditzen zen… Euria eginarazi behar zuten!!!

Tximu bat dantza egiten hasi zen eta berehala hasi zen euria egiten. Oihaneko zuhaitz altuenetik bazen tximu lagu bat ureztagailu batekin ura botatzen ari zena. Beraz, tranpati handia zen laguna.

Krokodilo bat saiatu zen euria sortzen baina isatsarekin urez beteriko putzu batean kolpeak ematen zituen eta horrela ura sakabanatzen zuen.

Buruzagi baten semeak euriari dei egiteko dantza bat egiten zuen bitartean, hitz batzuk esan behar zituen. Nahastu egin zen eta euriari deitu beharrean, eguzkiari deitu zion eta horrela bi egunez sekulako beroa izan zuten oihanean.

Tarzanaren txanda iritsi zen. Abesten hasi zen eta hain gaizki egin zuen, hain gaizki… eruria hasi zuela eta ez zuen hiru egun pasa arte atertu.

Eta hau da Tarzanaren istorioa. Berak lortu zuen oihaneko zaintzailea izatea eta ur-jauziak bere izena eramatea.

Egun hartatik aurrera gizonak, emakumeak, animaliak, denek izan zituzten aukera berdinak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario